KONFINAMENDUARI BURUZ….
Alarma egoeran gure askatasunaren eta eskubide zibilen murrizketa neurriak hartu dituzte. Hau dela eta, erne egon behar gara bilakatu ez dadin ezkutuko salbuespen estadua. Kapitalismoaren aurpegi bigunak eraman gaitezke onartu ezina dena onartzera. Nire ustez, salbuespen neurriak hartu behar badira, gobernuak hartu beharko lituzke behin alderdien mahaiak onartu ondoren. Alderdi mahai horretan egon beharko lirateke ez bakarrik alderdiak, baita zientzialariak eta osasun langileak ere. Hartutako neurriak alderdien arteko gogoetaren eta eztabaidaren emaitza balira jendartearen gehiengo baten onarpena izango lukete. Aldiz, eusko jaurlaritzaren kideek soilik agindutako neurriek errebeldiazko portaerak ekar ditzakete, eta are gehiago, gehiengo baten mesfidantza ere bai. Salbuespen neurriek metodo eta modu bereziak behar dituzte; hau da, zientziak eta osasun langileaz aparte, entzun behar zaie sindikatuei, enpresarioei eta eragile sozialei. Bestela, gu konturatu gabe ezarriko dituzte diktatorialak diren moduak, maskaratuta jendartearen ongizatean eta morroi diren hedabide batzuen laguntzaz. Ohiz kanpoko arauak jartzeko garai da eta erabakitzeko moduak ere bereziak izan behar dira; horretarako kide anitzeko zuzendaritza da metodoa. Horrela ez bada, hartutako neurri horiek ,Euskalerrian ezaguna dugun, salbuespen estadua ezkutatzeko izango dira.
Nire ustez, COVID19-ren ondoriozko alarma egoerak biltzen ditu elementu batzuk kezkagarriak direnak gure askatasun eta eskubide zibilentzat, eta honako hauek dira:
Hedabideek, nahita edo nahigabe, inokulatu dute jendartean beldur orokorra, informazio eta desinformazio telegidatuta erabiliz. Beldurrak geldiarazten duena eta eraldatzen gaituena jendetza otzan eta nortasun gabekoa. Nahasi eta ezjakintasunaren egoera honetan, sekulan baino gehiago hedabideen menpe bizi gara; eta berrien manipulazioaren bitartez “egia” bilakatu daiteke garun garbitze kolektiboa. Aukera gutxi daukagu “egiak” kontrastatzeko kaleko errealitate, bizilagunen solasaldi edo harreman sozialekin.
Populazioaren zati handi batek pentsamendu militarizatuta garatu du, nahiz eta jakin sanitarioak direla beharrezkoenak. Horrek eraman du populazio alde batek beste aldea kontrolatzera, nahiz eta portaera zibikoa izan nagusiki. Alarma egoeraren zergatiak osasunekoak izanik, prentsaurrekoetan militarrak izan dira nagusiki eta erabilitako birusaren aurkako terminoak ere bai. Polizien eta militarren presentzia nagusitu da, eta horrek definitzen du agintariek, orokorrean, modu inposatzaile eta hierarkikoaz jokatu dutela; nahiz eta leku askotan, sare herritarrak izan komunitate ongizatearen zaintzaileak.
Konfinamenduaren isolamenduak indargabetzen du protestaldien mugimendua, elkartzea eta eztabaidatzea; askotan elkartasunerako sareek talka egin dute burokraziarekin, jarrera hierarkikoarekin, eta batzuetan agintarien interes politikoekin. Kasu horietan, aginteen joera izan da elkartasun sareei etekin politikoak atera edo bestela indargabetu. Argazki ezean ez dago elkarlanik.
Oposizioa mugatuta dago bozkatzaileen bultzadarik gabe eta presio taldeen indarrik gabe. Egun, sekulan baino garrantzitsuagoa da ez bakarrik zer erabakitzen den, baizik eta zelan, nortzuk eta zertarako diren erabakiak. CONFEBASK, PNV eta PSOE baldin badira salbuespen neurrien erabakitzaileak, zilegitasun gutxikoa izanda; agindu horiek, errebeldia pizteko lehergarri bilakatu daitezke. Izan ere, salbuespen neurriak gure askatasuna eta eskumen zibilen aurkakoak dira; beraz, metodologia berezia eskatzen dute, eta gehiengoen adostasuna betebeharreko baldintza litzateke. Horrela eginda herritarren lankidetza ziurta daiteke.
Espezie moduan biziraun nahi badugu auto-antolakuntzarako modu berriak saiatu beharko ditugu eta hierarkiaren ordezko aukerak. Ezin dugu gure etorkizuna utzi eliteen eskuetan, ezta politiko profesionalei ordezkaritza eman, jakinik botere ekonomikoaren menpe daudela. Horrek eramango baikaitu hondamendira. Premiazkoa da uztartzea borroka desberdinak ekologia, feminismoa eta desberdintasunen berdintasuna alegia. Gertuko barrutian lana egin eta joan zabaltzen elkartasuneko sareen sarea. Koronabirusa dela eta, konfinamenduaren egoerak bultzatu du jende asko elkartasun aldeko lana egitera. Herritarrak antolatu dira sare sozialetan, eta ondo legoke birusaren aurka sortu den ernamuin hori erabiltzea “normaltasun” berri bat eraikitzeko. Auzoz auzo, herriz herri josi ditzagun egitura horizontalak, amarauna den modukoak. Auzoz auzo izan dezaten behartsuek ahots zuzena. Egun ez dugu behar militar pentsamendua kritikoa baizik. Antola ditzagun eztabaidatzeko taldeak gertuko eremuetan, etorkizuneko politika planifikatzeko. Boterea deszentraliza dezagun desegin arte, komunitatera bueltatuz. Bestela kondenatuta gaude, eta nerabe pentsamendua daukan Ayuso-euskaldun batek gobernatuko gaitu, edo militar batek apaitz mozorrotuta.
Iñaki Barrutia Arregi
Psikologo klinikoa