Idatzi honen helburua umeen ongi gorenaz hitz egitea da. Txikiek bere ondoeza sintomen bitartez adierazten dutela kontuan hartuta, eta euren isiltasunak kalte egiten diela, profesionalei dagokigu arazo hori azalaraztea. Gurasoak kartzelan dituzten txikiei buruz ari naiz. Kartzela zigorra jasaten duen pertsona baino haratago doan neurri judiziala da eta ondorioak familiarengana hedatzen dira; era gordinean seme-alabengana.
Gure gizarteko gatazkan gertaera batzuen aurrean beste aldera begiratu dugu. Hori egin dugunean orokorrean gure giza identitatea erabili dugu. Pertsonok bi identitate mota dauzkagu: identitate pertsonala eta giza identitatea. Azken identitate horren bidez gutarrekin identifikatzen gara eta besteengandik bereizten; horrela, orokorrean giza identitateaz aztertzen ditugu gertaera batzuk.
Sarrera hori honakoa eskatzeko egin dut: hemendik aurrera datorren edukia identitate pertsonalaz aztertzeko, horrek biktimengana hurbiltzen gaitu eta enpatia sortzeko beharrezkoa da.
Egun, 113 dira guraso bat edo biak kartzelan dituzten haur-nerabeak. Euren egunerokotasunean, guraso bat ikusteko ehunka kilometroko bidaia egin behar izan duten bakoitzean, eta arrazoi horregatik ospakizun bat, festa bat edo lagun eta familiarekin bizipen bat sakrifikatuz, haurtzaroko zati bat kendu zaie. Bisita gertatzen den momentuan bertan ere, euren haurtzaroa espetxeko atean uzten dute euren garunaren garapenaren pentsamendu konkretuak ezin uler dezakeen arerio-giro batera egokitzeko.
Euren sintomen artean sarritan agertzen da antsietate aurreratua, bisitarako bidaia egin baino pare bat egun lehenago agertzen dena. Ezinegona, lotarako arazoak, urduritasuna, gogo aldarte aldakorra… bisita aurretiko astean agertu ohi diren sintomak dira. Ehunka kilometro luze, astun, nekagarri egin behar izaten dituzte espazioan eta denboran mugaturiko bisita egiteko. Haur-nerabe hauek hilabetean behin edo bitan jasan ohi dute bidaien nekea eta bisita arriskuan jar dezaketen baldintza eta testuinguru arerioaren aurrean "barne heldu goiztiarra" garatzen dute sarri. Hau da, espetxe barruan bisitak dirauen bitartean, euren portaera gidatzen duen super-ego goiztiarra garatzen dute, arazorik sortu behar ez dutela nabari dute eta. Prozesu horren ondorioz, etxera itzultzean denbora tarte bat behar izaten dute normaltasunera itzultzeko; espetxean geratu den gurasoarekiko banaketaren asimilazioa, galdera zailen berritzea, nekearen metaketa… direla eta. Ikastetxeko dinamikaren presioak eta egunerokotasunak errealitatera itzultzen laguntzen diete.
Nortasunaren egituraren psikogenesian, hirugarren garaian, 24 eta 36 hilabete artean sortzen da norberaren identitatearen lehen kontzeptua gizaki moduan eta indibiduo kontzeptu gisara. Margaret Malherrek “infantearen jaiotza psikologikoa” bezala definitzen du. Garapenaren funtsezko garai honetan, haurra amarekin espetxean zen kasuetan, egutegiko data baten hoztasunarekin banatuak izan dira. Haurraren hirugarren urtebetetze egunean, haurrak espetxea eta ama abandonatzen dituenean, umeak funtsezko galera baten dolua garatu behar izan du. Izan ere, atxikimendu lokarri garrantzitsuena sortu duen pertsona desagertzen baita bere egunerokotasunetik.
Emozioen artean galerarekiko beldurra oso ohikoa da. Etxean duten gurasoaren galeraren beldurra amets, marrazki proiektibo eta hitzetan azaltzen da proiektatua. Bi gurasoak galtzearen eta bakarrik gelditzearen beldurra konstantea da haurraren bizitzan eta bisitetan areagotzen da. Galeraren beldurra bortitza da
Haurrak hiru urte betetzen dituenetik aurrera guraso absentearekiko galderak agertzen doaz eta horientzako erantzunak zailak eta haur baten pentsamendu konkretura egokitzen zailak dira. Izan ere, erantzun erlatiboekin galdera absolutuak erantzutea edo kontzepzio manikeodun testuinguru bat neutralizatzea haur-nerabeen pentsamendu konkretuan ez da erraza. Gurasoa espetxean zergatik dagoen edo noiz aterako den gisako galderak eta haurraren beharretik jaiotzen direnak, egunerokotasunean azaltzen diren hainbat egoeratan errepikatzen dira, eskolan edo lagun artean haurrari galderak egiten dizkiotenean, esaterako.
Azaroaren 20an Umeen nazioarteko eguna ospatzen da eta beharrezkoa da beraien ondoez emozionalari ahotsa jartzea. Era laburtuan honako hauek dira jasaten dituzten sintomak: gurasoak galtzeko beldur handia, bidai luzearen estresa eta nekea, kontestu jakinetan pairatu dezaketen estigmatizazioaren ondorioz segurtasun eza , familiaren egitura barneratzeko zailtasunak...
Espetxe politika presoa gizarteratzera bideratua egon beharko litzateke, eta ez mendekuan oinarritua. 113 txiki horiek espetxe politika krudel baten ondorioak jasaten dituzte, batez ere sakabanaketaren ondorioan eta gurasoen ondoan hazteko eskubidearen ukazioa. Bidegabekeria da bataz beste hamabost orduko bidaia egin beharra asteburu batean, ordu eta erdiko aurrez aurrekoa egiteko; milaka kilometro ordu luzez autoaren aulkiari lotuta. Gainera egunerokoan ama, aita edo bien hutsuneari egin behar izaten diote aurre: guraso presoa ez dago euren urtebetetze egunean, ezin du euren bila ikastetxera joan, parkean jolastu, etxeko lanetan lagundu...Presoen seme-alabek ausentziaz eta bidaia amaigabeen zamaz betetako motxila daramate soinean. Eskerrak txiki horiek familia zabalaren eta jendarte zati baten laguntza izan duten; horrek lagundu die jasandako sufrimendua ulertzen eta modu egokian osatzen. Sufrimendu osatze horrek erresilientziarako ahalmena indartu die eta ondorenean gerta dakizkieken krisialdiak gainditzeko gaitasuna ematen die.
Bukatzeko, eta hasierako eskaera eta enpatia pizteko, txiki batzuen izenak eta adinak jarriko ditut: Ekhi 2 hilabete, Euri 2 urte, Aiur 4urte, Adune 8 urte, Amaiur 14 urte,.. 113 izen daude egoera honetan. Horietatik 9k guraso biak dituzte kartzelan, 6k dute ama espetxean, 95k aita, eta 3 ume euren amekin bizi dira preso; 2 Valentziako Picassent espetxean, eta 1 Alcobendasen.
Toki mugatu honetan ezin da islatu pairatzen dituzten ondorio psikologikoen dimentsioa, baina dosierraren aurrerapen modura balioko duela espero dut. Datorren Azaroaren 20an Donostiako Psikologia fakultateko Aula Magna aretoan aurkeztuko da txiki hauei buruzko dosierra.
Iñaki Barrutia Arregi
Psikologo klinikoa